GURE
ZERBITZUAK

Elikaduraren eta egurraren balio-katea sustatzeko eta Euskadiko landa eta itsasertzeko ingurunea dinamizatzeko, HAZIn sektorearen eta lurraldearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzen laguntzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu.

Elikaduraren eta egurraren balio-katea

Profesionaltasuna, lehiakortasuna eta egokitzapena

Euskadiko elikaduraren eta egurraren balio-katearen sektoreak gure BPGd-aren % 10 osatzen du, eta garatzeko eta berritzeko, enplegua sortzeko eta produktu eta jarduera berriak proposatzeko gaitasuna du. Testuinguru horretan, HAZIk gogor lan egiten du kate horretan lan egiten duten pertsonei profesionaltasun, gaikuntza eta lehiakortasun handiagoa emateko, eta etengabeko hobekuntza eskaintzeko.

Pertsona eta enpresa horiek erabateko zerbitzua aurkituko dute HAZIn, beren beharretan laguntzeko eta erronka berrietara egokitzeko: jarduera berrien ekintzailetza, jardueraren dibertsifikazioa, eskaeraren araberako prestakuntza, lankidetza-berrikuntza, prozesuen digitalizazioa, eta abar.

Aitortutako kalitate-markak

Jatorriaren eta kalitatearen aldeko apustua

Merkatuak gainezka daudela kontuan hartuta, eta erosten diren produktuek eskaintzen dituzten konfiantzari eta segurtasunari dagokienez kontsumoa gero eta zorrotzagoa dela aintzat hartuta, kalitatea eta ezaugarri bereizgarriak funtsezkoak dira elikaduraren eta egurraren gure katea babesteko eta hark merkatuetan duen presentzia indartzeko.

HAZIn, nekazaritzako elikagaien kalitatea eta jatorria bermatzeko lan egiten dugu, haiek kontrolatuz eta egiaztatuz. Era berean, aitortutako markak sustatzen ditugu, marka horiek merkatuetan hobeto posizionatuta egon daitezen.

Administrazioarentzako zerbitzuak

Administrazio arina eta hurbilekoa

HAZI nekazaritza eta arrantza administrazioarekin elkarlanean aritzen da eta haiei hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie, haien prestazioak behar dituzten pertsonekiko harremanean eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko. Zentzu horretan, administrazio elektroniko interkonektatua lortzen laguntzen du, sarbide errazekoa, modernoa eta integratua, erabiltzaileei azkar eta modu erabilgarrian erantzuteko gai izango dena.

Administrazio-prozedurak hobetzeko, HAZIk aholkularitza-zerbitzuak eta laguntza teknikoa eskaintzen dizkio Nekazaritza Politika Erkideari, haren ezarpenari eta jarraipenari dagokienez. Era berean, plan sektorialak garatzen eta dinamizatzen ditu, eta administrazioen ezagutza eta berrikuntza sustatzen du, informazioa aztertuz eta aurrerapen sektorialerako estrategiak planteatuz.

Lurralde-garapena eta jasangarritasuna

Lurralde bizia eta jasangarria

HAZIk lurralde-garapen orekatua lortzeko lan egiten du, baita landa-eremuetako eta arrantzaren mendeko eremuetako hobekuntza sozioekonomikoak sustatzeko ere, administrazioekin eta tokiko agenteekin lankidetzan aritzeko prozesu parte-hartzaileen bidez. Horretarako, garapen-estrategiak eta -planak ezartzeko laguntza eskaintzen du, lurralde-kohesioa eta gizarte-berrikuntza sustatuz.

Garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz, HAZIk proiektuak egiten ditu, halaber, nekazaritza-jarduera ingurumenean hobeto integratzeko eta naturaguneen erabilera jasangarria eta iraunkorra sustatzeko; horretarako, plangintzan eta kudeaketan laguntzen du.

Behatokia, prospektiba eta europako esparrua

Ezagutza, elementu eragile gisa

Euskadiko elikaduraren eta egurraren balio-kateari buruz duen ezagutza handiari esker, HAZIk Euskadiko nekazaritzako elikagaien administrazioari laguntzen dio programak eta planak garatzeko orduan, horretarako analisiak eta azterlanak prestatuz.

Horrez gain, nazioartean egiaztatze-lanak egiten ditu sektoreko joera berrien jarraipena egiteko, eta Europako lankidetza-proiektuen garapena sustatzen du, baita sareko lankidetza ere, ezagutza eta erronka komunak beste eskualde batzuekin partekatzeko.

Sentsibilizazioa

Ezinbesteko jarduera eta ingurunea

HAZIk hainbat ekimen garatzen ditu landa eta itsasertzeko inguruneak eta bertan bizi eta lan egiten duten pertsonek gizarte osoaren mesedetan betetzen duten zeregin garrantzitsua ezagutzera emateko. Errealitate hori hainbat biztanleria-talderi gerturatzea eta lurralde hori bizirik eta aktibo mantendu beharrari buruz sentsibilizatzea da enpresaren helburuetako bat, eta hainbat programa eta ekimen gauzatzen ditu horretarako.

Egiten duten lanari buruz kontzientziatzea ―ez elikagaien hornidurari dagokionez bakarrik, baita gure historia, gure lurraren eta itsasoaren oraina eta etorkizuna, paisaia eta kultura mantentzeari dagokionez ere― eta lan horri sozialki nola erantzun jakitea.