Kontsumitzaileek On Egin bonuak eskuratzeko epea zabalik.

Eusko Jaurlaritzak “On egin” bonuak sustatzen ditu ekoizpen eta erauzketa sektoreari, txikizkako merkataritzari eta zuzeneko salmenta kanalei zuzenean mesede egiteko, eta ekainetik aurrera Euskadin ostatuak eta kontsumo egonaldiak eta esperientziak dinamizatzeko. Produktuen erosketetan gastatutako 100 €-ko, 50 €-ko deskontua lortu ahal izango da turismo ostatu batean; beraz, elikaduraren sektorea bultzatu ez ezik Euskadiko egonaldiei lotutako jarduera sozioekonomikoa dinamizatu nahi da. On Egin Bonuak programan parte hartuko duten produktuak kalitateagatik eta Jatorri Deituren berezko ezaugarriengatik eta ordezkatzen dituzten markengatik nabarmentzen dira.

Covid-19ak ondorio negatiboak izan ditu Euskadiko elikadura katearen azpisektore askotan; hori dela eta, ekimen honen bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta HAZIk laguntza eman nahi diete kalitate bereiziko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei. Zehazki, JDko produktu hauek izango dira: Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa, Arabako Errioxako Cava Ardoa, Idiazabal Gazta, Euskal Sagardoa, Basque Beer, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa eta Eusko Label produktuak

Suspertze eta biziberritze programa hau Eusko Jaurlaritzak berak eta inplikatutako produktuen markek sustatuko dute, pandemiak iraun bitartean galdutako salmenten zati bat berreskuratzeko. Kanpaina, halaber, baliagarria izango da tokiko ekoizleekin lankidetzan aritzen diren txikizkako saltokiek eta zuzeneko salmentako on line kanalek kalitateko tokiko produktuaren sustapena eta kokapena indartu ahal izateko, bai Euskadin, bai gure lurraldetik kanpo.

Tokiko produktua erostea eta Euskadiko ostatuetan erabiltzeko opari bonua lortzea. Bonuez gozatu nahi duten kontsumitzaileek Euskadiko kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez 100 euroko gastua eginda, txikizkako saltokietan, merkataritza elektronikoko atarietan eta Euskadiko lehen sektoreko eta elikagaien sektoreko ekoizleen zuzeneko salmenta puntuetan.

Erosketa egin ondoren, erosketaren fakturari argazkia atera eta www.oneginbonoa.eus webgunera igo beharko dute, eta 50 euroko bonua eskatu. Webgune horretan bertan kontsultatu ahal izango da deskontu bonua erabili nahi den turismo ostatua. Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu izango ditu gehienez, eta ezingo dira metatu (bonu bat fakturako eta ostatu gau bakoitzeko).

Establezimendu eta ostatuak webgunean atxiki ahal izango dira gaurtik (martxoak 22) maiatzaren 22ra arte, eta webgune horretan kontsultatu ahal izango dituzte kontsumitzaile guztiek sustapenean parte hartzen duten saltokiak eta ostatuak.

Parte hartzen duten eta aipatutako webgunean izena eman duten saltoki eta ostatuek, aldi berean, kanpainaren irudi identifikatzailea eramango dute, kontsumitzaileari “On egin” bonuari atxikitako lokala dela adierazteko. Guztira, 30.000 bonu eskainiko dira, eta horien kaleratzea programari esleitutako aurrekontuaren erabilgarritasunaren baldintzapean egongo da; hala, funts horiek agortu ondoren, programa amaitutzat emango da eta, era berean, ostatu bonu bat lortzeko aukera amaituko da.

On egin kanpainaren epeak
2021eko martxoaren 22a: saltokiek eta hotel establezimenduek programarekin bat egiteko eta webgunean publizitatea egiten joateko epea hasiko da.
2021eko apirilaren 19a: egun horretatik aurrera egiten diren erosketak promozioan sartuko dira.
2021eko ekainaren 1a: bonuak baliatzeko epea hasiko da.
2021eko abenduaren 31: bonuak lortzeko epea amaituko da, data hori baino lehen agortu ez badira.
2022ko abenduaren 31: bonuak baliatzeko epea amaituko da.

ON EGIN WEBGUNEA

Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on print
Share on email

Non gordeta

Interesgarria izan dakizuke

“Gure ostalaritzan laguntzeko programa”, Euskadiko kalitatezko edariei ostalaritza laguntzeko programa.
Horren baitan emakumeek bizitza publikoa eta soziala osatzen dituzten estamentu eta erabaki-organoetan jokatzen duten rola aztertu eta aldarrikatu nahi izan da.